
Lanvin publiko guztietarako
Firma Frantziarrak bere diseinuak prezio merkeetan salduko ditu H&M arropa denda katean.
Lanvin firma ospedunak poltsiko guztien neurrira egokitutako kolekzio bat salgai jarri du H&Mn, azaroaren 23tik aurrera. Kate honek munduan zehar denda ugari dituen arren, diseinu desiragarriak 200 lokaletan baino ez dira eskuragarri egongo. Espainiar estatuan Madrid Bartzelona, Valentzia, Marbella, Sevilla, Palma de Mallorca, eta Bilboko hamaika salmenta gunetan aurkituko dituzue.
Dendatan 20 eurotik 200 eurorako Lanvin produktuak aurkituko ditugu. Alber Elbaz firmako diseinatzaile artistikoaren hitzetan: “Diseinatzaileon lana pertsona gutxi batzuei zuzenduta egoten da; eta H&Mrentzat egindako kolekzio honekin luxuaren ametsa gehiengoari zabaltzea nahi genuen”.
Katearen dendetara hurbilduko den jende andana aurreikusita, erosteko modu bitxia antolatu dute. Kola egiten dagoen jende kopuru murriztu bati pultseratxo batzuk banatuko zaizkio; pultsera horiek kolore ezberdina izango dute,eta erosketak dendaren zein sekziotan hasi beharko duten adieraziko dute. Horrela, apurka apurka talde txikiak sekzioz sekzio aldatzen joango dira, poltsak betetzen eta poltsikoa husten doazen bitartean. Sekzio bakoitzean emango duten denbora beraz, mugatua izango da. Eta mugatua izango da baita erosketa: nahi izanez gero kolekzio guztia erosi daiteke, baina modelo bakoitzeko pieza bana baino ezin daiteke hartu. Neurri hauekin jende gehiegi ez pilatzea eta diseinuak ahalik eta jende gehiagorengana iristea ziurtatzen da.
Kamisetak, alkandorak, amerikanak, soinekoak, zapatak, osagarriak , bitxiak… Emakume zein gizonezkoentzako. Guztia Lanvin loves H&M lelopean.
0 comentarios:
Publicar un comentario