miércoles, 1 de diciembre de 2010

Paco Rabanne Espainiako Moda Saria 2010

Diseinatzaile gipuzkoarrak 2010eko Moda Saria jaso du. Paco Rabannek berrikuntza eta kulturari egindako ekarpena errekonozitzen du modu honetan Espainiako Kultura Ministeritzak.

Rabanne mundu mailan ezagun egin zen bere diseinuetan metala edota plastikoa bezalako materialak eta kolore biziak erabiltzeagatik. Eta bere karreran zehar nazioarteko hainbat sari jaso ditu dagoeneko, besteak beste, Urrezko Orratza (Paris, 1977) eta Lurrinen Oscar saria (New York, 1975).

Francisco Rabaneda y Cuervo 1934an jaio zen, Pasai San Pedron. Bere ama Balenciagako jostuna zen, eta bere aita alde errepublikanoko koronela. Azken hau fusilatu zutenean, familia Frantziara erbesteratu zen. Rabanne Arkitekturan matrikulatu zen Parisko Arte Ederren Goi Mailako Eskolan, eta ikasketak ordaindu ahal izateko milaka moda bozeto egiten zituen. Horrela, apurka apurka moda sektorean murgiltzen joan zen. Balenciaga, Dior eta Givenchy bezalako firmei botoiak eta bitxiak saltzen hasi zen lehenengo; 1964an bere estreinako kolekzioa aurkeztu eta “Paco Rabanne” marka jaio zen; eta egun, arropa ez ezik, bere izena daramaten kosmetiko eta lurrin ugari ere baditu.

1999an goi mailako joskintzatik erretiratu zen, baina bere izenak eta bere estiloak aurrera darraite.

(ARGAZKIA: FASHIONASSISTANCE.NET)

0 comentarios:

Publicar un comentario